Tuesday, May 09, 2006

LAKAXITA DESALOJOAREN MEATXUPEAN

Irungo Lakaxita gaztetxea desalojoan erortzeko zorian dago bere urtebetetzean eraikinaren jabeek usurpazio salaketa jarri baitiete. Honen aurrean, bertako gazteek prentsaurreko bat egin zuten. Hona hemen esan zutena:


Irungo gazteok pairatzen dugun gabezia kultural, musikal eta soziala ikusirik, gazteok kudeatutako espazio baten beharra adierazi genion udaletxeari. Jasotako ezezkoaren aurrean okupazioa genuen alternatiba bakarra. Horrela Anaka kaleko 20.zenbakian dagoen etxean 6 hilabeteko konponketa lanak egin eta gero 2005eko azaroaren 26an Lakaxita gaztetxeak munduari bere ateak ireki zizkion, ipuinari hasiera emanez.

Egun hartatik aurrera, hamaika izan dira gaztetxeak antolatu dituen musika ekitaldiak, hitzaldiak, eztabaidak eta bestelako kultur jarduerak. Hauen artean ezagunak egin diren koadrilen eguna, ?gora gure aiton-amonak? eguna edo ?jaion? festa kritikoa. Esan dezakegu harrera beroa izan dituztela, egindako ekimenetan 2000 pertsona baina gehiago inguratu baitira. Horretaz gain, gaztetxearen ondoan eskonbroz eta zaborrez gainezka zegoen espazioa biziberritzeko apustua egin zen, herriarentzat parke publikoa eraikitzeko proiektua dagoelarik eta jadanik martxan daukagun baratza sortuz.

Lan guzti honen fruituak oparoak izan dira oso, gazteon erreferente eta topagune bilakatu da Lakaxita, adin eta jatorri anitzetako pertsonen elkarrekintzaz gure ametsetako errealitatearen haziak ereiteko espazioa sortuz.

Ipuin guztietan bezala, honetan ere ez dira otsoak falta. Azken astean jasotako salaketaren bidez, gaztetxea hustu eta denon artean marraztutako ipuinaren azken atala idatzi nahi dute. Eraikinaren jabe den kooperatibak salaketa jarri eta desalojo eskaera egin du, orain arte geneukan komunikazio harremanak etenez.

Honen aurrean sortu den arazo honi irtenbidea bilatzeko jabeekin hitz egiteko premia ikusten dugu. Orain arte ez dugu lortu eta horregatik eskaera zehatza egiten diegu hitzaren bitartez akordioa bilatzeko.
Baina beste alde batetik udaletxearen erantzukizuna aipatu nahi dugu. Interes partikular, urbanistiko edo espekulatzaileen gainetik, proiektuaren garapenerako espazioa bermatu behar duelako. Are eta gehiago orain, egindako lanak eta jasotako fruituek ekimenaren zilegitasuna islatzen dutenean.

Argi dagoena da, oztopoak oztopo, ipuinak aurrera jarraitzen duela eta jarraituko duela. Horrela bada, deialdia luzatzen dugu datozen ekimenetan parte hartuz gaztetxea inoiz baino biziago mantentzera eta maiatzean ospatuko dugun urteurrenean parte hartzera.

Labels: