Monday, November 28, 2005

BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA (Bera, 05/11/27)



Berako saioa, saio hotza izan zen, baina ez bertsolariak gaizki egon zirelako, tenperatura freskoa izan zelako baizik. Ikus-entzuleak gustura egon ziren Etxahun Lekue, IƱigo Manzisidor "Mantxi", Amets Arzallus, Sustrai Colina, Fredi Paia eta Jon Maiaren bertsoak entzuten.
Gehien nabarmendu zen bertsolaria Amets izan zen, eta berak irabazi zuen 778 punturekin. Baina Jon eta Sustrai ere ez ziren batere gaizki ibili eta bigarren eta hirugarren bukatu zuten 741 eta 730 punturekin. Fredi eta Etxahun ez ziren gehiegi nabarmendu eta 725.5 eta 709.5 punturekin bukatu zuten. "Mantxi", berriz, ez zen oso fin ibili, noizbehinka hanka sartu bait zuen eta 644.5 puntu jaso zituen.
Gehien gustatu zitzaidan ariketa Ametsek eta Jonek binaka, gaia emanda, hamarreko txikian eginikoa izan zen:

Gaia: Bikotea zarete. Jon amodiozko gutunen lehiaketa batera aurkeztu da eta lehen saria irabazi du. Amets zuk gutuna irakurri duzu, eta konturatu zara zuri sekula ez dizula horrelakorik esan.


1-Amets:

Besoetan hartuko

bazintut amultsu

eta sentitu zure

arnas eta pultsu

krabelin hortan eman

nahi nizuke musu

zure iturri hortan

ze ardo ze luxu

zuk gezur hoiek nundik

atera dituzu

2-Jon:

Nere ilargi bete

ta nere eguzki

nere goizeko ihintza

nere lagun ezti

nere ohe kidea

ta oheko pizti

gutun hau zuretzat da

zuretzat da noski

baina eman nahi nizun

sari eta guzti

3-Amets:

Kontxo ze romantiko

pikaro, pikaro

lau urtetan nahiz gaizki

ez dugun igaro

orain unkitu nauzu

unkitu zeharo

gutuna estimatzen dut

bihotzetik klaro

eta txekea berriz

askozaz gehiago

4-Jon:

Txekearen kontua

nahi zenuke landu

eta nere guztia

orain zeuregandu

baina azaldu zera

pixka bat berandu

poesia ez al zaizu

ondo begitandu

hori txeke batekin

ezin da ordaindu

5-Amets:

Ez ez ez esperantza

eneukan txeketan

nik neuk ere bihotzez

maite dut benetan

lehengoa ziri bat zen

bota dut brometan

zatoz estutu zaitez

nere besoetan

zu zara txapelduna

nere lehiaketan

6-Jon:

Txapelduna naiz baina

ez zuen ematen

orain bide hortatik

nahi al dezu irten

baina beste kontu bat

ere badet emen

folio bati ezin

leku gehiago ken

dena esango dizut

muxu luze baten

Kartzelako gaian denak gai triste bat kantatu zuten, kartzelako gaia honako hau zen: Sukaldeko horman, egutegi bat dago. Maiatzaz geroztik inork ez dio orrialderik kendu.

Denei norbait hil zitzaien Etxahuni ezik, berari semea preso eraman zioten maiatzean. Ezin al zuten kantatu horretaz kezkatzen zena bidaia batean dela eta bera alferregia dela orriak pasatzeko?



Labels: ,

Sunday, November 27, 2005

Ongi etorri


Kaixo eta ongi etorri mr.x...abier blogera. Blog honetan, eguneroko bizitzan gertatzen diren eta ez diren gauzei buruz hitz egingo da. Bertso txapelketa nagusia ere hurbiletik jarraituko da. Bloga gustuko baduzue, ez sartzeari utzi.
Argazkian ni goian dagoena naiz, eta ez astoa!! Gainera astoek ez dakite idazten.

Labels: